Heldu da Zigoitiako Euskal Jaia. Igandean, irailak 8, egun osoko egitaraua izango da Zigoitian, Mairuelegorretako kobazuloan goizez, eta eguerditik aurrera Muruako harrobian. 1963an lehenengoz ospatu zenetik ia urtero ospatu da euskal kulturaren erakusleiho garrantzitsu bilakatu den eguna.
11:00etatik aurrera hainbat ikuskizun izango dira Mairuelegorretan. Tapia eta Leturiaren emanaldia izango da, Oihane Perea eta Jexux Mari Irazu bertsotan, Josune Velez de Mendizabal ipuinak kontatzen arituko da, eta Jare dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du. Zigoitiko txalapartariak ere arituko dira koba girotzen, eta Oketa Alai dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera ere izango da.
Mairuelegorretatik Muruko harrobira jaitsita, 14:30etan herri bazkaria izango da bertan. Txartela aldez aurretik hartu beharko da Zigoitiko kultur etxean, irailaren 2tik aurrera. 16€an saltzen ari dira, eta haurrentzako 10€an. Bazkalostean Larrain dantza izango da, Jare taldeko dultzaineroen laguntzaz, eta ondoren Zazpizar erromeriaren emanaldia.
Antolatzaileek ohartarazi dute, eguraldi txarra eginez gero, irailaren 8ko jarduerak Bengolarra frontoian egingo direla. Bestalde, harrobietara auto kopuru mugatua sartu ahal izango da soilik. Auto bakoitzean gutxienez 4 lagun joan beharko dira, eta edukiera betetzean ezingo da auto gehiago sartu.