Zuiako Udalak eta Aperregi eta Domaikiako kontzejuekin batera, alegazioak aurkeztu dituzte Solaria enpresak Araban egin asmo duen proiektu fotovoltaiko berri baten aurka. Santurtzi 1 izeneko proiektuarekin Trebiñuko lurretan eraiki nahi dituzte eguzki plakak, eta Araba zeharkatuko duen ebakuazio linea bera erabili nahi dute energia garraiatzeko, Zierbena 1, 2 eta 3 proiektuen berbera.
Atalka aurkeztearen "trikimailua"
Solariak Zierbena izeneko hiru proiektu horiek aurkeztu zituen duela hilabete batzuk, eta mobilizazio handiak egon dira Zuian eta Arabako beste hainbat lekutan, enpresaren asmoen aurka. Hiru soilik aurkeztu baditu ere, enpresak berak bere akziodunen bileran aitortu zuen Araban 30 proiektu fotovoltaiko eraikitzea dela bere asmoa.
Hala ere, Solaria gutxinaka ari da proiektuak publiko egiten. Aurkeztutako bakoitzak ez du sortutako 50 MWen langa gainditzen, eta horregatik Euskal Autonomi Erkidegoan lortu dezakete eraikitzeko baimena. Zuiako Udalak eta kontzejuek administrazio publikoari eskatu diote proiektua osotasunean aztertu dezatela, eta ez atalka, "enpresak nahiago duen moduan".
Izan ere, Araba hegoaldetik Zierbenaraino joango den ebakuazio linean 1800 MW garraiatzeko baimena lortua du Solariak, orain arte aurkeztutako proiektuena baino askoz gehiago. Proiektuak atalka aurkeztuta tramitazioa "laburrago eta errazago" lortu nahia leporatu diote Zuiako Udalak eta kontzejuek Solariari.
Mobilizaziorako deia
Udal eta kontzejuek gogorarazi dute trantsizio energetikoa ezinbestekoa dela, baina "justizia, berdintasun, oreka eta ingurumenarekiko baldintzak" behar bezala gorde behar dituela. Hala, Zuiako herritarrei mobilizazioan jarrai dezaten eskatu diete, orain arte egin duten moduan.