Ezezagunek herrian eragindako kalteak salatu ditu Aramaioko Udalak ohar batean, eta iruditan dokumentatu ditu egindakoak. Udalak azaldu du paretak margotuta agertu direla, rokodromo inguruan su egin dutela eta zaborrontzi bat guztiz erre dutela.
"Abuztuari itxiera mikatza eman diogu apurketa guztiekin", adierazi du udalak oharrean. Ez dugu ulertzen zein den dibertimendua, jolasa izan bada, edota zein den aldarrikapena, protesta egiteko ekintza izan bada".
Segurtasunari lotutako oharpena ere erantsi nahi izan du udalak. "Kalte materialez gain, gogorarazi nahi dugu suteek eragin ditzaketen arrisku pertsonalak sutea egiten ari direnentzako, batez ere espraiak erretzeak".
Horregatik guztiagatik, udalak eskatu die gazte, heldu eta gurasoei ekintza hauek "gaitzesteko", eta, horrelakorik berriro gerta ez dadin, "denon artean" laguntzeko. "Denona da herria eta denok zaindu behar dugu", aldarrikatu dute.