VI. Aztarna Beltza jaialdia ospatuko du Murgiak hurrengo ostiralean eta larunbatean. Zenbait musika emanaldi hartuko ditu Bea-Murgia plazak, eta Villajesusako lorategietan familia jarduera ezberdinek hartuko dute lekua, hala nola yoga edo ipuin kontaketak. Antolatutako jarduerek jasangarritasuna eta jaialdia "Arabako lurraldean zehar zabaltzeko ahaleginean jarraitzeko" asmoa izango dituzte abiapuntu. Artisautza eta bertako produktuen azoka ere izango da egun horietan.
Kloy MCk emango dio hasiera jaialdiari irailaren 6ko 19:00etan, Ekitxirrigurdi deituriko eguzki energiaz bultzatutako soundsystem mugikorrean. 22:00etan, lekukoa Parruchori emango dio lekukoa Bea-Murgia plazan. Hurrengo eguna Villajesusako lorategietan hasiko da Yoga Familian jarduerarekin eta ipuin kontaketarekin, goizean goizetik. Halaber, Zuiako eztiaren museoan bisita gidatuak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek 12:00etan eta 18:00etan. Arratsaldea girotzeko, 13:00etan Dav 'Kingston & Kultura Reggae Band taldeak eskainiko du kontzertua, eta 19:00etan Nena y los Broncos talde gasteiztarra egongo da eszenatokian. Gauean, Itziar Yagüek eta Bubblin 'Soundsystem feat Suaia taldeak amaituko dute jaialdia.