Larunbatean hasitako 'rave' bat hustu zuten Legution astelehenean

Erredakzioa 2024ko abu. 27a, 11:18

Urrunagako urtegia. Argazkia: Euskadi.eus

Astelehen arratsaldean bota zituzten parte hartzaileak ravetik, UAGAk jarritako salaketen ondorioz. Sartu eta ateratzen ziren autoen gidariak identifikatu ditu Ertzaintzak asteburuan zehar.

Larunbat goizean festa bat hasi zen Legution, Urrunagako urtegiaren inguruan, eta astelehen arratsaldera arte ehunka pertsona egon dira bertan, Ertzaintzak hustu duen arte. Poliziaren arabera "400 auto inguru" identifikatu zituzten rave honetan. Lehenago ere halako festak egonak ziren kokaleku berean, Kortabarri izenez ezaguna den zonaldean.

Inguruko abeltzainei pasabidea oztopatu die, polizia iturrien arabera. Izan ere, UAGA nekazari eta abeltzainen sindikatuaren salaketak izan dira Ertzaintza mugiarazi dutenak. Festaren inguruan animaliak bizi dira, eta abeltzainek ezin izan diete jaten ez edaten eman asteburuan zehar, raveak ez zielako haien ibilgailuekin pasatzen uzten.

Ertzaintzak asteburuan zehar eta atzo, astelehenez, identifikatu egin ditu festatik sartu edo ateratzen ziren ibilgailuak eta gidariak. 400 auto inguru atzeman zituela esan du poliziak, eta momentu batetik aurrera sarbidea itxi zuten, ibilgailu gehiago elkartu ez zitezen. Alkohol eta drogen kontrolak ere egin zituzten inguruetan. 60 pertsona baino gehiago identifikatu zituztela jakinarazi dute, eta horietako askori zigorrak ezarri dizkietela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago