Egun handirako bi aste falta badira ere, asteburu honetan hasiko dira jadanik Zigoitia Euskaraz jaialdia ospatzen. Mairuelegorretako kobazuloan 1963an lehen aldiz ospatu zenetik, Festival Vasco izenarekin, ia urtero eraman da euskal kulturaren aldarria Gorbeialdeko mendietara, frankismoaren debekuek oztopatutako urteak kenduta.
Aurten ere hala izango da, irailaren 8an ospatuko da Zigoitia Euskaraz eguna, Mairuelegorretako kobazuloan eta Muruko Harrobian. Coronavirusaren ondorioz kobazulotik kanpo egin zen jaialdia 2021ean, harrobi ondoko zelaietan, baina 2022 eta 2023an koban egin zen berriz. Aurten ere goizeko ekitaldiak kobazuloan izango dira, baina datozen egunetan egingo dute publiko Mairuelegorretako egitaraua. Bazkaria eta arratsaldeko plana publiko egin ditu jadanik Zigoitiako Udalak.
Hala ere, larunbat honetan hasiko dira Zigoitia Euskarazekin lotutako ekimenak, eta bi astez luzatuko da egitaraua.
Abuztuak 31, larunbata, Muruan
16:00 Bizikleta martxa - Irteera
Kaskoa erabiltzea beharrezkoa izango da, eta edonork parte hartu dezake. Ibilbide osoa egin nahi ez baduzue, zati bat egiteko aukera dago, mapan aukeratuta.
18:00 Bizikleta martxaren amaiera - "Merienda mundiala" egingo dute Muruan.
18:30 Traktoreen probak
20:00 Dantza plaza, Kittu taldearen eskutik.
Irailak 1, Igandea, Letonan
10:00 Zigoitiko toponimia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute: Abadelaueta. Letonako plazan hasi eta bukatuko da.
12:00 Mairu Abesbatzak emanaldi berezia eskainiko du, Letonako elizan. Ondoren, musikaz girotutako luntxa egingo dute.
Irailak 5, Osteguna, Zigoitiko Kultur Etxean
18:30 Amaiur filmaren emanaldia eta solasaldia Sergio Azkarate zuzendariarekin.
Irailak 8, Igandea, Muruko Harrobietan ZIGOITIA EUSKARAZ EGUNA
14:30 Herri bazkaria. Txartela aldez aurretik hartu beharko da Zigoitiko kultur etxean, irailaren 2tik aurrera. 16€an, eta haurrentzako 10€.
Bazkalostean Larrain dantza izango da, Jare taldeko dultzaineroen laguntzaz, eta ondoren Zazpizar erromeriaren emanaldia.
Antolatzaileek ohartarazi dute eguraldi txarra eginez gero, irailaren 8ko jarduerak Bengolarra frontoian egingo direla. Bestalde, harrobietara auto kopuru mugatua sartu ahal izango da soilik. Auto bakoitzean gutxienez 4 lagun joan beharko dira, eta edukiera betetzean ezingo da auto gehiago sartu.