Oreinen marrualdi garaia iritsita, Arabako Foru Aldundiak hainbat debeku eta murrizketa ezarriko ditu Gorbeiako Parke Naturalean. Irailaren 9an hasi eta urriaren 13ra arte indarrean egongo dira neurriak.
Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Sailak gaur Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratutako agindu batean jaso dituzte murrizketak. Horren arabera, Gorbeiako Parke Naturaleko eta Kontserbazio Bereziko Eremuko Arabako isurialdean zirkulazioa, erabilerak eta jarduerak mugatuko dituzte.
Zehazki, Zuiako eta Zigoitiko udalerrietako lursailetan, parke naturalean eta kontserbazio eremuko pista eta bideetan ibilgailuen zirkulazioa mugatuko dute. Bide horiek seinaleztatuta egongo direla aurreratu dute. Modu berean, oinez, bizikletaz edo zaldiz egiten diren ibilaldi guztiak Bidezidorren Sare Orokorraren barruan egin beharko dira, eta ezin izango da haietatik irten. Zaldiz eta mendi bizikletaz ibiltzeko, parkeko kudeaketa organoaren baimena beharko da.
Bi eremu seinaleztatuko dituzte entzuteko, behatzeko, argazkiak ateratzeko eta filmatzeko behatoki gisa erabiltzeko. Jarduera horiek egiteko ere eskaera egin eta baimena eskuratu beharko da. Besteak beste, perretxiko eta basafruituak jasotzea ere debekatuta egongo da.
Azken hamarkadetan, urtero arautu dituzte oreinen marrualdi garaian naturagunearen barruko eremu mugatuan ibilgailuen zirkulazioa eta izan daitezkeen erabilerak eta jarduerak. Aginduaren arabera, "emaitza ezin hobeak lortu" dituzte horri esker, "espeziearen populazioa hobetzea eta eragin eremuan kalteak murriztea" lortu baita.