Landako Parke Probintzialaren ondoan aparkaleku bat eta autokarabanentzako zona bat eraikitzeko obrak kontratatzeko prozesua hasi du Arabako Foru Aldundiak. Etorkizuneko aparkalekua 9.826 metro koadroko lurzati batean kokatuko da, A-3014 errepidearen ondoan, eta 288 plaza izango ditu: 25 autokarabanentzat, 253 autoentzat, eta 8 mugikortasun urria duten pertsonentzat.
Obra hori gauzatuta, Landako Parke Probintzialean aparkalekuen sistema eta modua berrantolatu ahalko da, ibilgailuak ahal dela disuasio aparkalekuan aparkatu daitezen. Aldundiak espero du aparkaleku berria martxan jarri ondoren, presioa murriztu ahal izango dela urtegiaren babes zonatik hurbilen dauden "aparkalekuetan". Hondartzari zerbitzua emateaz gain, aparkaleku berriak zuzenean komunikatuko du urtegiko oinezkoen eta bizikleten ibilbidearekin, eta antolamendurako eta aparkatzeko espazio egoki bat jarriko du.
Miloi bat euro baino zertxobait gehiago gastatuko da obra egiteko (1.001.635,17, BEZa barne) eta 2024ko eta 2025eko ekitaldietan gauzatuko da. Proiektu hau Landako eta Garaioko barrualdeko hondartzei buruzko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren esparruaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketa du.