Aurreko urteetan bezala, Le Piano du Lac konpainia Arabako urtegietara bueltatuko da. Hain justu, Legutioko Zabalain ingurutik ikusi ahal izango da aurten ur gaineko ikuskizuna. Asturiaseko La Xata konpainiarekin batera osatuko dute aurtengo Voloswing saioa.
Ontzi berezi baten gainean, 1920ko hamarkadako musikara eramango du ikuslea ikuskizunak. Pianoa, tronboia, ahotsa, perkusioa eta dantza daude luthier instrumentuen eta nabigazioaren arteko egitura hibrido honetan. "Zatoz swing-a dantzatzera eta arratseko jazz gauarekin erlaxatzera", deitu dute antolatzaileek, ikuskizuna aurkeztearekin batera.
Bi saio izango dira aurten, abuztuaren 3an eta 4an, 20:30ean. Ikuskizuna baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango da sarrera hantxe bertan, edo aurretik webgunearen bitartez. Saioak ez du prezio jakin bat, eta bakoitzak nahi edo ahal duen ekarpena egiteko aukera du. Gogoratu dutenez, gainera, Zabalainen ez da eserlekurik izango, beraz, norberak eroso egoteko dagokion toalla edo aulkia eramatea gomendatzen dute.