Solaria eguzki energiaren enpresak Zigoitian 100 hektarea baino gehiagoko parke fotovoltaikoa eraikitzeko asmoa dauka, Zierbena Solar 3 izenekoa, beste proiektu batzuen artean. Zigoitia Bai plataformak salatu du babesgabe sentitzen direla Solariaren "erasoaren aurrean", eta enpresa "kontakizun faltsua" sortzen ari dela ohartarazi dute.
Zigoitiako bizilagunen agerraldian azaldu dute proiektu fotovoltaikoak hartu asmo dituen lurretako jabe guztiekin jarri direla harremanetan, banan-banan, haien iritzia entzuteko. Jasotako ondorioak oso argiak dira: lurjabeen gehiengoa proiektuaren aurka dago, eta ez dauka asmorik lurrak Solariari eskaintzeko. Jakinarazi dute haien lurrik gabe Solaria Zierbena Solar 3 proiektua ez dela bideragarria.
Lehenago salatu izan duten bezala, gogorarazi dute Zigoitian egin nahi duten proiektuak suntsitu egingo dituela komunitatea, natura eta haien bizimodua. "Finean, garena suntsituko du". Zigoitia Bai plataformak, zerbitzu tekniko baten laguntzaz, 480 orrialde baino gehiagoko txostena ondu du proiektuari helegiteak jartzeko. Administrazio publikoari eskatu diote zigoitiarrak defendatu ditzala, baina, "badaezpada", haien komunitatearekin batera defendatuko dute haien burua, "azken ondorioetara arte".
Solariaren manipulazioa
Zigoitiako bizilagunek adierazi dute, Solariak esaten duenean lurjabeen adostasuna duela, iruzur egiten dabilela gizarteari eta baita aministrazio publikoari ere. Azaldu dutenez, Solariaren jarreraren helburua da akordioari uko egin dioten jabeak beldurtu eta baldintzatzea. Horretarako, salatu dute informazioa desitxuratzen duela, komunitatearen ahultasunak baliatu eta gizarte zibilari ez ikusiarena egiten diola.
Solariak alarma egoera sortu du bizilagunen artean, ohartarazi dutenez. Jabeei esan die haien lurrak harrapatuta geldituko direla parke industrial baten barruan, eta informazio partzial eta interesatuak zabaldu dituela, bere helburuak lortzeko. Agerraldia egin duten jabeek lurren gehiengoa ordezkatzen dute, eta argi esan dute ez dutela ezer adostuko Solariarekin.
Gutxi batzuek sinatu dute akordioa
Lurjabeek batzuk akordioetara heldu dira Solariarekin. Baina, Zigoitia Baitik jakinarazi dutenez, jabe horiek egun ez dute inolako loturarik Zigoitiarekin. Gutxiengoa dira jabeen artean, eta "beste garai batzuetako lur metaketaren ordezkariak" dira. Horiek dira "Solariaren aliatu bakarrak" praktikan, adierazi dutenez.
Solariarekin akordioa sinatu duten beste jabe batzuk Zigoitia Baiko kideengana jo dute, babes juridikoa eskatzera hitzarmena atzera botatzeko. Izan ere, iruzur egin dietela sentitu dute, agerraldian azaldu dutenez, eta gezur bidez lortu dute haien baimena. "Komunitatearen parte sentitzen dira", eta lanean ari dira bertan behera uzteko sinatutakoa.
Mapa honetan ikus daiteke Solariak zein lurretan proiektatu duen parke fotovoltaikoa, eta zenbat jabe ez dauden ados enpresaren asmoekin.