Ez da gertatzen den lehen aldia, baina arazoa ez da konpondu. Urkabustaizko Udalak salatu du Correosek ez dituela banatzaileen oporraldietan ordezkoak jartzen, eta bulegoak itxita izaten dituela aldizka. Idatzizko kexa bidali die udalak Correosi eta Gobernuaren Arabako Ordezkaritzari, posta zerbitzurik ez dutela ohartarazteko.
Udalak jakinarazi dutenez, Correosen langile faltagatik atzerapenak eta galerak izan dituzte, baita Osakidetzaren jakinarazpen, ziurtagiri eta paketeetan ere. Gainera, salatu dute Izarrako arreta bulegoa apiriletik itxita dagoela, eta bizilagunek 10 km baino gehiago mugitu behar izaten direla, beste herri batzuetan ziurtagiriak jasotzeko. Ibilgailu propiorik ez duten pertsonentzat "ezinezkoa" bihurtzen dela ohartarazi du Urkabustaizko Udalak.
Legea betetzea eskatu dute, hau da, "astean bost egunetan posta banatzea eta Correosen egungo bulegoa irekitzea". Correosek ez ditu legeak jarritako zereginak betetzen, udalaren esanetan. Udalerriko bizilagunak behin eta berriz kexatu izan dira, eta Udalari ere eragiten dio posta zerbitzuaren gabeziak.