ELA sindikatuak bertan behera utzi du gaurko deitua zuen elkarretaratzea, Voxek erabili ez zezan mezu arrazistak zabaltzeko. Goizean elkartzekoak ziren Gasteizko epaitegien aurrean, Aramaio, Landa eta Andoiuko adin txikiko zentroetako segurtasun langileen lan baldintzen alde egiteko. Izan ere, ELAk salatu du Delta segurtasun enpresak ez dituela lanpostu hutsak betetzen, eta horrek kaltea eragiten diela langileei, erabiltzaileei eta zentroari. Delta enpresa eta zuzendaritza ohartarazi ostean ez dute egoera konpondu, sindikatuak salatu duenez, eta horregatik ziren elkarretaratzea egitekoak.
Baina bertan behera utzi dute protesta, jakin dutelako Voxeko ordezkariek elkarretaratzea erabili nahi zutela "zaurgarrien dauden pertsonen aurkako mezu arrazistak helarazteko". ELA sindikatuak adierazi du haiek "kontrakoa defendatzen" dutela. Alderdi politikoei dei egin die zaurgarritasun "egoera bidegabeei" aurre egiteko, bereziki adingabeen kasuan.
Adingabeen aurkako mezu arrazistak zabaldu nahi dituztenen "bozgorailu" ez izateko, bertan behera utzi dute gaurko elkarretaratzea.