Uribarri-Ganboako urtegitik irten, Arabako Lautada eta Elgeako mendilerroaren inguruak zeharkatu, eta Gasteizko erdigunera itzuli beharko dute triatletek, Plaza Berriko helmugara iristeko. Ibilbide honekin ospatuko da Gasteizko Ironman txapelketaren V. edizioa igande honetan. 58 herrialdetatik iritsitako 1.800 triatleta inguru lehiatuko dira aurten; Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Portugal eta Alemaniatik etorritakoak, besteak beste. Lasterkariek 3,8 kilometroz igeri egin beharko dute urtegian, 180 kilometrotan zehar pedalei eragin, eta Gasteizko kaleetan maratoia egin. Guztira, ia 226 kilometro dira zeharkatu beharko dituztenak.
Triatloiak bildu dituen kirolzaleen artean 100 atleta profesional egongo dira. Gizonezkoen kategorian, Ironmaneko munduko txapelduna izan den Sam Laidlow frantziarra egongo da. Emakumezkoen kategorian, aldiz, fokua Gurutze Frades kirolari euskaldunarengan dago jarrita, 2023an Gasteizko Ironman-a irabazi zuena.
Trafiko aldaketei dagokienez, mozketak egongo dira Alde Zaharrean 07:00etatik 00:20ra arte. Halaber, A3002 eta A4001 errepideetarako sarbidea moztuta egongo da, Arratzua-Ubarrundia norabidean, arratsaldera arte. Ibilgailua gelditzeko eremua ere murriztuko da erdiguneko zenbait kaletan.