Asteburu honetan Bitorianon egin den artzain txakurren lehiaketaren oso balantze positiboa egin du Oscar Murgia antolatzaileak. Jende asko bildu dela azpimarratu du, batez ere artzainak. "Artzainaren edo artzaintzaren mundua ezagutzen dugu, eta landa mundua, baina ez hainbeste artzaina zer den eta lehiaketa mota hauek". Ehun parte hartzaile inguru izan dira topaketan. "Jende kopuru hori biltzea erokeria da, gainera asteburuan lau lehiaketa eginez, hau da, larunbatean bi eta igandean bi, eta aldi berean bi zelai elkartuz".
Ez da ohikoa arraza ezberdinetako artzain txakurrak biltzea bi ardi mota desberdinekin -latxa eta sasi ardi– ariketak egiteko, baina, hala ere, oso ondo funtzionatu duela esan du Murgiak. "Parte hartu duten artzainen aldetik ere pozarren egon dira, oso dibertigarria iruditu zaielako, oso ariketa desberdinak direlako, gauza asko denbora gutxian gertatzen direlako eta egiteko entretenigarria delako".
Nazioarteko txapelketa
Datorren asteburuan, nazioarteko lehen txapelketa egingo dute Bitorianoko Murgia Border Collie zentroaren zelaietan. Murgiak azaldu duenez, "datorren asteburua guztiz bestelakoa izango da. Nazioartean distantziak desberdinak dira, lan mota desberdina da. Hamahiru herrialdetatik datoz, Europa osotik. 54 parte-hartzaile izango gara. Ostiral eta larunbata dira kanporaketak. Hiru lehiaketa daude egunero hiru zelaitan, beraz, sei lehiaketa dira. Eta sei lehiaketa horietatik, puntuaziorik onenak, zortzi onenak final batera pasako dira igandean". Azken final hori izango da publikoak ikusteko dibertigarriena.
Espainiako txapelduna eta Munduko Artzain Txapelketaren txapeldunordea da Murgia, eta erreferentea artzain txakurren munduan. Azaldu duenez, Euskal Herrian euskal artzain txakurren txapelketak oso ezagunak badira ere, bestelakoa da berak sustatu duen lehiaketa mota eta txakurra hezteko modua; tradizio gutxi du estilo horretako artzain txakurren txapelketak Espainiako estatuan Europako beste herrialdeekin alderatuta. "Europako txapelketa dago, baita hiru urtean behin munduko txapelketa bat ere. Holanda eta Norvegia dira herri erreferenteak. Holandako elkarteak milatik gora bazkide ditu eta 800 bat parte-hartzaile; Norvegian ere antzeko zerbait. Guk Espainian sortu zen lehen elkartea osatu genuenean, 20 partaide ginen eta 40 edo 50 bazkide izatera iritsi gara. Orain handitzen ari da", esan du. Gainera, artzain txakurren txapelketak egiteko irizpideak pixkanaka aldatzen ari direla azpimarratu du Murgiak. "Hainbeste urtetako pentsamolde edo egitura aldatzen ari dira, txakurren genetikari edo izaerari laguntzea eta horiek hobetzea da gakoa".