Gorbeialdean "euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea eta handitzea" du helburu nagusienetakoa Gorbeialdeko Kuadrillak onartu duen 2024-2032 epealdirako euskara planak.
Egitasmoak "gero eta zabalagoa den eta euskaraz bizi nahi duen Gorbeialdeko komunitatearengan" jarri du arreta. Bide beretik, komunitate horren barruan "sentitzen ez direnak erakartzeko estrategiak" jaso ditu planak, "hiztun horiek, zaharrak eta berriak, askotariko adin, zaletasun eta bizimodua dutenak, baitira gizarte ekitatibo eta justu baterako bidea egingo dutenak".
Plana lantzeko prozesu parte hartzaile bat abiatu dute udalerriz udalerri. Ordezkari politikoekin eta euskalgintzako eragileekin gai zehatzak landu dituzte, eta berdintasuna, ingurumena, ekonomia edota kultura bezalako alorrak sustatzeko ardura dutenekin ere "kontraste lana" egin dutela adierazi dute ohar batean.
Gobernantza eredua eta lidergoa, ahalduntzea, aisia-kirola, transmisioa eta euskalduntzea izango dira arreta gehien izango duten esparruak.