Artzain txakurren ordua

Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 11:54

Ariketa anitz egin beharko dituzte txakurrek asteburu honetan. Argazkia: OSCAR MURGIA

Larunbat eta igande honetan, uztailak 6 eta 7, Espainiako III. Artzain Txakurren Txapelketa egingo da, Bitorianon. Hurrengo asteburuan, nazioarte mailako txapelketa izango da.

Murgia Border Collie txakurren hezkuntza zentroaren zuzendari Oscar Murgiak antolatu du Espainiako III. Artzain Txakurren Txapelketa, Bitorianoko egoitzan. Ehun txakurrek eta beste horrenbeste gidarik parte hartuko dute asteburu honetan, uztailak 6 eta 7, izango den hirugarren edizio horretan, eta artzaintza lanbide duten animaliak izanen dira protagonistak. Txapelketa 08:00etatik 20:00etara bitartean egingo da, eta, horren baitan, igandean izango dira artzain txakurren erakustaldia, haurrentzako tailerrak, artisauak eta zozketak, 12:00etatik 15:00ak arte.

Murgiak azaldu duenez, lehiaketak duen berezitasuna da txakur arraza guztiei irekita dagoela eta ariketa ezberdinak egiten direla arraza mota bati zein besteri mesede eginez. Bestalde, balorazioa ardien kopuruaren, distantziaren eta txakur arrazaren araberakoa da. "Finean, merituaren balioa kontuan hartzen da; alegia, txakur arraza batek ariketa bakoitzean duen meritua. Izan ere, ezaugarri desberdinak dituzten txakurrak dira".

Bi zelai antolatu ditu Murgiak Bitorianoko egoitzan, bata bestearen ondoan; eta Euskal Herriko bi ardi arraza autoktonoekin lan egiten da, latxarekin eta sasi ardiarekin. "Astunagoa da latxa ardia, eta horrek bultzada-txakurrei laguntzen die. Sasi ardia pixka bat arinagoa da eta gidatzekoa; horrek kontrol-txakurrei mesede handiagoa egiten die, hala nola border collieri edo kelpiari", esan du Murgiak.

Nazioarteko txapelketa, lehen aldiz

Hurrengo asteburuan, uztailak 13 eta 14, Artzain Txakurren I. Nazioarteko Txapelketa egingo da, Bitorianon. 13 herrialdetatik etorritako 55 txakur daude izena emanda. "Austriatik, Italiatik, Portugaldik, Frantziatik, Suitzatik, Suediatik, Eslovakiatik eta Faroe uharteetatik datoz. 55 txakur sartu ditut ezin dudalako gehiago",  azpimarratu du Murgiak.

Lehenbiziko aldia da horrelako topaketa antolatzen dutela Zuian, eta asmoa Europako Kopa antzeko txapelketa bihur dadin saiatzea da. "Open bat da, izena eman nahi duen edonori irekia delako. Egunero hiru lehiaketa egiten dira hiru zelaitan, hiru ardi arraza ezberdinekin. Bi egun horietako zortzi txakurrik onenak final batera pasatuko dira, igandean izango dena".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago