Zerbitzuan atzemandako "akats eta ez-betetzeak" direla kausa, Gorbeialdean hiri-hondakin solidoak jasotzen dituen enpresaren kontrako zehapen espedientea abiatuko duela iragarri du Gorbeialdeko Kuadrillak.
Atzo egindako ohiko batzarrean, kuadrillak aho batez onartu zuen zigorra abiatzea, erakundeak gaur zabaldutako prentsa ohar baten azaldu duenez.
"Aspalditik datoz kontratista honek, bere plantillarekiko lan-gatazka bat aitzakia jarrita, kuadrilla osoko udalerrietako erakunde eta herritarrengan eragindako buru-hauste eta kezkak, gero eta ohikoagoak baitira jaso gabeko zabor-poltsak, lepo betetako edukiontziak, bilketa-gune ezin zikinagoak", azaldu du kuadrillako presidente Agustin Otsoa Eribekok.
Oharraren arabera, kuadrilla ahalegindu da aurretik arazoa konpontzen. "Bilerak, dei telefonikoak, mezu elektronikoak ez dira nahiko izan enpresak agindutako promes eta hobekuntzak egia bihur zitezen. Hartara, hainbat batzarkidek, udal ordezkariak diren aldetik, adierazi dute haserre daudela, herritarrei zer erantzun ez dakitela".
Gauzak hala, "elkarrizketa eta zuzeneko harremana baztertu gabe", kuadrillak babestu du "bide administratiboa baliatu beharra", eta aurreratu du "aurrerantzean har litezkeen neurriak ere lantzen" hasiko direla.