Izarrako gimnasio autogestionatuak eta Arabako Harri Eskolak Rural Boxing izeneko boxeo jaialdia prestatu dute, larunbat honetan kirolzaleek eta bertaratutakoek zenbait jardueraz gozatzeko.
Faxismoa kolpatu! lelopean, Izarra Rural Boxing liskar bortitzak onartzen ez dituen ekitaldia da. Unai Vianak, jaialdiaren izen bereko boxeo taldearen sortzaileak eta bertan irakaslea denak, argi utzi du konbateen amaierak beti adiskidetsuak izan behar direla. "Azken urteetan jaialdiak ospe handiagoa lortu du, eta beraz ardura gehiago eduki behar dugu. Pertsona batzuk datoz gure baloreekin bat egiten ez duten ideiekin, eta ez dugu ekitaldia desitxuratzea nahi", adierazi du kudeatzaileak. "Horretarako daude arbitroak, ziurtatzeko inork ez duela aurkaria jipoitzen bestea baino hobea delako, esaterako".
Parte hartzaileek ekitalditik "zerbait goxoa" ateratzea dela helburua berretsi du Vianak. Bide berean, boxeoak kirol gisa duen "fama txarra kentzea eta giro ona sortzea" nahi dutela azaldu du. "Urtero goaz aldatzen eta ekitaldia hobetzen saiatzen. Beraz, irrikan gaude aurten ateratzen dena ikusteko".
Ekitaldi sorta zabala
11:30ean hasiko dira konbateak lastoko fardelez egindako ringean; ekitaldiari "aparteko izaera" ematen dion berezitasuna da hau. 14:30ean bazkari herrikoian batuko dira izena eman dutenak, eta arratsaldean konbateek jarraituko dute, 16:00etan eta 19:00etan.
Halaber, guda marken azoka bat egongo da boxeoko produktuak saltzen 16:00etatik aurrera. Arratsaldea girotzen jarraitzeko, indar erakustaldia eta elkartasun argazki bat egiteko aukera egongo da, biak 18:00etan. Gauean, berriz, zozketa hasiko da 21:00etan, kontzertuek jarritako musikarekin batera: Iltze, Mozkor Alaiak, Memphis, Igitaia eta DJ Txatxis taldeek parte hartuko dute.