Larunbat honetan, ekainak 15, Itaiak jardunaldiak antolatu ditu Legution. Egun osoko egitaraua antolatu dute emakume langileen egungo testuingurua aztertu eta dituzten erronkez hitz egiteko. "Proposamen politikoen inguruan hausnartzeko elkargunea" aurkeztu dute.
Goizean hiru hitzaldi antolatu dituzte. Generoa eta klasearen kontzeptu politikoen azterketa egingo dute, Feminismo marxistari kritika izenburupean. Bestalde, Sozialismoaren eraikuntza eta emakumeen politizazioaz arituko dira, Itaia aztertuz borrokarako tresna gisa. Azkenik, Emakume langileon frontea estrategia komunistaren baitan izeneko hitzaldian analisi historikoa eta proposamen gaurkotua uztartuko dituzte.
Bertan bazkaltzeko aukera zabaldu dute, eta arratsaldean analisi koiunturala aztertuko dute, "hemendik aurrerako erronka politikoak aurkeztuz". Ondoren, ekitaldi politikoa egingo dute eta gauean kultur eskaintza izango da, Gozzue, Katu eta DJ Salda Dagorekin.