Haizeman Albokari Elkarteak antolatutako Alboka Egunaz gozatzeko aukera izango dute larunbatean Aramaiora hurbiltzen direnek. Emanaldi tradizionalak eta gaur egungo musika uztartuko dituzte, euskal musika tresna ezaguna erdigune izanda. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta Euskal Herri osotik espero dituzte albokariak eta jarraitzaileak.
Topaketa, "bere txikitasunetik, euskal kulturaren osagai" izatea nahi dute antolatzaileek. 21. edizioa 12:00etan abiatuko da larunbatean, Bixente Goikoetxea plazatik aterako den kalejirarekin. Bertan izango dira albokariak, pandero joleak, txistulariak eta trikitilariak, eta hamaiketakoa egingo dute ondoren, elkar ezagutzeko. Bertako ekoizle eta elikagaiak ezagutzera emateko Iturrietako sagardoa eta sagar zukua izango dira, eta baita Kerixarako gazta ere.
Herri bazkaria izango da kanpoko frontoi estalian, eta ondoren bertaratu diren musikarien artean bat-bateko emanaldia osatuko dute. Alboka bat irabazteko aukera ere izango da, Haizeman elkarteak egingo duen zozketan. 18:00etan Tik-tak ikuskizuna eskainiko du Imaginaciones Nai konpainiak. 19:00etan kontzertuak hasiko dira, tradizioa eta gaurkotasuna uztartuko dituzten hiru emanaldirekin. Besaide, Ursaria eta Intxixu taldeak izango dira oholtza gainean.
Antolatzaileek azaldu dute "txikitasunari garrantzia emateko" erabaki dutela jaialdia landa eremuan egitea, Aramaion aurten. Hirian baino zerbitzu urriagoak izan arren, jaialdi polita egin daitekeela frogatu nahi dute, eta azaldu "hiri eremutik kanpo badaudela merezi duten kultura, paisaia, jendea eta bizimoduak ere". Ekitaldi guztietan, gainera, emakumeen presentzia bermatu nahi izan dute, "guztiz parekidea izango ez den arren". Ohartarazi dute, jaialdi aske eta segurua izan dadin, jarrera baztertzailerik ez dela onartuko.