Murgian abiatu da azoka ibiltaria

Erredakzioa 2024ko mai. 2a, 14:41

Stand baten bitartez eskainiko dituzte tokian tokiko produktuak. Argazkia: AFA

Bertako produktuak erakusteko stand bat paratu dute herriko plazan, larunbatera arte. Ondoren, beste hainbat kuadrillatara eramango dute.

Gorbeialdeko saltoki txikiak eta produktu eta zerbitzuen eskaintza "ikusgarri" egiteko eta herritarrak gaiaren bueltan tokian tokiko kontsumoaz "sentsibilizatzeko" azoka ibiltaria paratu dute Murgian.

Zuia, Legutio eta Aramaioko hamar bat establezimenduk parte hartuko dute larunbatera arte Murgiako plazan egongo den azokan. Landa Merkataritzari Laguntzeko Planaren barruan kokatzen da ekimen hau, aldundiak ohar batean iragarri duenez. 

Elikaduraren, lorezaintzaren, modaren, maskoten eta ardotegien alorretakoak dira establezimenduak. Standa bisitatzen duten lagunen artean Gorbeialdeko landa merkataritzako erosketa bonuak zozketatuko dituzte. 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era irekita egongo da standa.

Gorbeialdea atzean utzi ostean, azoka beste hainbat herritara eramango dute, tokian tokiko produktuak erakusteko. Hala, maiatzaren 9tik 11ra Langraiz Okan egongo da; 16tik 18ra, Artziniegan; 23tik 25era, Araian. Santikurutze Kanpezun maiatzaren 30etik ekainaren 1era egongo da, eta, azkenik, Guardian ekainaren 6tik 8ra paratuko dute standa.

Cristina Gonzalez Merkataritza foru diputatuaren esanetan, "lurraldearen kohesioa" bilatzen duen proiektua da, "herrigune txikien premiei eta gure herrietan bizi diren arabarren premiei erantzuten dien merkataritza" sustatzea xede.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago