Jaurlaritzaren "etengabeko blokeo politikoa" salatu du Zuiako alkateak

Erredakzioa 2024ko api. 19a, 12:45

Zuiako Udalari etxebizitzak eraikitzeko proiektua atzera bota dio URAk. Argazkia: ALEA

34 etxebizitza eraikitzea aurreikusita zuen udalak Villa Jesusa inguruan. Gaur, URAren kontrako txostena jaso du.

Zuiako alkate Unai Gutierrez oso haserre azaldu da udalak aurkezten dituen proiektuen aurrean Eusko Jaurlaritzak duen jarrerarekin. Alkatearen hitzetan, "blokeo politikoa etengabea da, udalerriak aurrera egitea eta udalerriarentzat beharrezkoak eta estrategikoak diren proiektuak garatzea eragozten duena".

Gaur bertan, Zuiako Udalak txosten negatiboa jaso du Uraren Euskal Agentzia URAren partetik, egungo udal arauetan onartuta zegoen hirigintza jarduketa bat garatzeko. "Beste behin, Eusko Jaurlaritzak udalerriko hirigintza proiektu bat blokeatu du", esan du udalak. URAk atzera bota duen proiektua Villajesusako lorategi publikoaren ondoan etxebizitzak eraikitzekoa da. "Zehazki, 34 etxebizitza eraikitzea aurreikusi zen, dagoeneko onartuta zegoena; baina aurreikusitako etxebizitza kopurua 29ra jaitsi ondoren, berriro kontsultatu zitzaion URAri, eta oraingoan, erantzun negatiboa eman du", zehaztu du udalak.

Zuiako alkateak salatu duenez, "honi gehitu behar zaizkio ur hornidurari irtenbidea emateko aldez aurreko blokeoak, ikastetxe berri bat eraikitzeko atzerapena, eta arau subsidiario berrien onarpena blokeatuko duten aurreikuspena".


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago