AHTak, makroetxaldeek, negutegiek edota energia parke fotovoltaikoek eta eolikoek hazkunde ekonomikoaren "logika kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalari" erantzuten diotela salatu du Aramaioko Talde Feministak; eta gaur herrian eginen diren mobilizazioetan mezu hori zabalduko dute: "Energia trantsizioa deitzen duten horrek merkatu logika pribatizatzaile eta indibidualistan sakontzen du; eta berdez eta morez mozorrotuta saltzen dizkiguten irtenbideak, berriz ere, naturaren eta bazterreko pertsonon ustiapen eta suntsipenean oinarritzen dira".
Hala, herri txikietako populazioa beherantz doala ohartarazi dute, eta aniztasunaren desterrua agerikoa dela. "Gure bizitzak sostengatzeko ezinbestekoak diren jarduerak eta zerbitzuak desagertzen ari dira eta horiek gabe, babes sarerik gabe eta arrazakeria eta matxismoa bezalako indarkeriei aurre egiteko baliabiderik gabe uzten gaitu. Landa eremuko biztanleriaren jaitsiera hori, bioaniztasunaren eta nekazaritzarako lur emankorren galeraren ondorioetako bat ere bada".
Aramaioko Talde Feministak adierazi duenez, herri txikietako baliabide naturalak eta komunalak interes pribatuen mesedetan ustiatzeko eremu bihurtu dira eta suntsitzen ari dira. "Eremu naturalaren, nekazaritza eta abeltzaintza lurren eta paisaiaren suntsipenak ere landa eremuaren balioa eta bizitza kalitatea murrizten du. Landa eremua hiriaren zerbitzura jarri da, bizitzeko ezinbestekoak diren baliabideak ezin batira hirian ekoiztu. Jasanezina den hiri eredu hau beste makroproiektu txikitzaile bat bezala ulertzen dugu".