Hezkuntza Sailari utzi dio Zuiako Udalak Pauldarren eraikina, titulazio berriak emateko

Erredakzioa 2024ko mar. 6a, 08:21

Pauldarrak doan lagatzea erabaki du Zuiako Udalak. ALEA

Larrialdietako eta Babes Zibileko titulazio berriak jasoko ditu Murgiako eraikinak.

Murgiako Pauldarren Komentuko barruko eta kanpoko instalazio guztiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lagatzea erabaki du Zuiako Udalak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aspalditik erabiltzen du komentuaren zati bat, alokairuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako hainbat gradu emateko, hala nola Baso Aprobetxamendua, Natura Ingurunearen Aprobetxamendua eta Kontserbazioa, eta Basogintzaren eta Natura-ingurunearen Kudeaketa. Orain, hezkuntza sailak prestakuntza zikloen eskaintza handitu nahi du, eta horretarako nahitaez behar du instalazioak egokitzea.

Hartara, udalak erabaki du hezkuntza sailari instalazioak doan lagatzea, udalerriko hezkuntza eskaintza handitzeko apustua bermatzeko, eta Zuia basogintzaren kudeaketaren arloan erreferente gisa indartzeko. Era berean, hezkuntza sailari eskatu dio, behin lagapen akordioa erabat burutzean, lehenbailehen egin ditzala eraikinean egin beharreko eraberritzeak, datorren ikasturteari titulazio berriekin ekiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago