Zigoitiko ondare materiala bildu dute webgune aitzindari batean

Erredakzioa 2024ko mar. 5a, 08:24

Udalaren webguneko Turismo atalean dago orrialdera sarbidea. ALEA

Proiektua Abadelaueta Elkarte Etnografikoaren ekimenez sortu da. 1.700 erreferentzia esanguratsu baino gehiago dituen gida bat da.

Zigoitiako Udalak ondare historiko kulturalaren inbentarioa jasotzen duen web-orrialde bat: https:/etnografia.zigoitia.eus martxan jarri berri du. Udalerriko kulturaren eta historiaren elementuen deskribapen gida bat da, argazkiz osatua, eta 1.700 erreferentzia esanguratsu baino gehiago katalogatu ditu; tartean, memoria historikoarekin lotutako elementuak daude, ibilbide naturalak, hargintza eta meatzaritzaren lotutako egiturak, edo antzinako herrixkak eta populazioak, besteak beste.

EAE osoko kultura materialaren inbentario zehatzenetarikoa da; eta webgunearen maparen bitartez, oso modu bisual eta didaktikoan, herriko baliabide historiko eta kulturalen aukera zabal eta aberatsa jarri dute edonoren eskura.

Kultura materialaren deskripzioa eta argazki-gida osatzeko proiektua Abadelaueta Elkarte Etnografikoaren ekimenez sortu da; eta azken bost urteetan egindako inbentario lan sakonaren emaitza da webgunea, Zigoitiko historiaren eta kulturaren ondarean, giza aztarnaren alderdi desberdinak hobeto ezagutzeko asmoz.

Aztertutako ondareen tipologia eta kronologia askotarikoa da: ermitak, karobiak, harrobi errotak, ikaztegiak, etxolak, lepatuak, gerra zibilaren aztarnak. Gidaren aparteko ezugarria da elementu horiek guztiak edo gehienak mendian edo basoan agertzen direla, eta, aldiz,  ondarearen inbentario konbentzionalenek saihestu egin dute testuinguru hori.

Prospekzio, dokumentazio, geolokalizazio eta erreferentzia toponimikoko lanak Jose Rodriguez eta Angel Martinez arkeologoen zuzendaritzapean egin dira; arkeologiako, historiako eta etnografiako profesionalen (Josu Santamarina, Yoseba Alonso, Javier Castro, hil berri den Isidro Saenz de Urturi...) ahokularitza teknikoa ere ezinbestekoa izan da lana aurrera ateratzeko; baita Zigoitiko Abadelaueta Elkarte Etnografikoaren ezagutza sakonak ere.

Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan da proiektu honen edukia finantzatzeko, eta Zigoitiko Udalak ordaindu du ondare hori biltzen duen web orriaren sorrera.

Funtsean, lan horiek guztiek ohiko inbentarioei buruzko informazioa osatzeko asmoa dute (Micaela Portillaren Monumentu Katalogoa, Victorino Palaciosen Elementu Txikiak, Arkitektura, Arkeologia, Etnografia...), baina, horrez gain, jarduera txikiak deiturikoei dagozkien hainbat eta hainbat ebidentzia barne hartzen dituzte, arreta gutxiagokoak eta gutxien aztertutakoak (baso-ustiapena, abeltzaintza, espazioen mugaketa, industriaurreko jarduerak, komunikazio-bideak, hornidura, gerra zibila, eguneroko erlijiotasuna...).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago