Kezkatuta dago Urkabustaizko Udala adinekoen zaintza eta ongizatearekin. Izan ere, iragan azaroan itxi zuten Zabalbide etxebizitza komunitarioa eta pandemiaz geroztik, herriko erretiratuen elkartean ez dago erreleborik. Gainera, Gorbeialdeko Kuadrillan ez dago adinekoen egoitza publikorik; eta Kuadrillako hainbat udalerritan ez bezala, Urkabustaizek ez du eguneko zentrorik, eta erabiltzaileek Zuiara joan behar dute, CRADaren erabiltzaileen erdia inguru Urkabustaizekoak izanik.
Herriko Urkaberri aldizkariak eman du egoeraren berri; eta hedabide horretan udal gobernuak azaldu duenez, Gorka Urtaran Gizarte Ongizateko foru diputatuarekin bildu berri dira otsailean udal gobernua, gizarte langileak eta Gorbeialdeko Kuadrillan zaintzan arreta jartzeko osatu den Kukuso Taldea, udalerriko adineko jendearen arazoa helarazteko.
Halaber, Urkabustaizko Udalak lan mahai bat sortu nahi du adinekoen zaintzan ekarpenak egin nahi dituen edozein kolektiborekin, "eta zeregin horretan nahiko lukete Arabako Foru Aldundia udalerrian zerbitzu horiek hobetzeko bidelagun izatea; horrela, adinekoak ez dira behartuak egongo senideengandik urruntzera beren bizitzako fase honetan".