Aramaioko Argindar Banatzailearen bezeroen datu pertsonalak web sakonean argitaratu dituztela ezagutarazi du gaur Aramaioko Udalak. Datuen filtrazio hori 190 enpresa biltzen dituen CIDE Energia Elektrikoaren Banatzaile elkarteak izandako zibereraso baten ondorioz gertatu da. Aramaioko Argindar Banatzailea da enpresa horietako bat.
Helarazitako informazioaren arabera, astearen hasieran gertatu da erasoa, eta asteazkenean jakin dute "bezero batzuen datu pertsonalak" web sakonean argitaratu dituztela. Besteak beste, hornidura puntuei buruzko datuak egon daitezkeela ezagutarazi dute: "hornidura puntuaren kode unibertsala, hornidura helbidea eta titularraren identifikazio datuak", Aramaioko Argindar Banatzailearen hitzetan.
"Ez da espero argitalpen horrek ondorio garrantzitsurik izatea pribatutasunari dagokionez", ziurtatu du udalak ohar batean. "Dena den, uste dugu egokia dela bezeroei gertatutakoaren berri ematea, beharrezko neurriak har ditzaten informazio hori modu bidegabean erabiltzeko balizko saiakeren aurrean", erantsi dute. Datu pertsonalaren babesa bermatu aldera, sarbide kontroleko eta informazioaren segurtasunerako "neurri gehigarriak" hartu dituztela jakinarazi dute.
Informazio osagarria izan nahi duen bezero ororentzako 945063060 telefonoa eta aab@aramaio.eus helbide elektronikoa jarri dituzte eskura.