Europa Press agentziak argitaratu duenez, joan den larunbatean, otsailaren 10ean, adineko gizon bat hil zen Aramaion, Etxaguen auzoan, zuhaitz batek harrapatuta. Antza denez, 11:00ak aldera jazo zen ezbeharra, 80 urteko gizonezkoa beste pertsona batekin pinuak mozten ari zenean eta horietako bat gainera erori zitzaionean.
Ertzaintzako agenteak eta helikpoteroa, Osakidetzako osasun langileak eta Arabako zein Oñatiko suhiltzaileak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin gizonaren bizitza salbatzeko. Segurtasun Sailak azaldu duenez, larrialdi zerbitzuak hildakoa suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, eta heriotza baieztatu baino ezin izan zuten egin.
Goiena hedabideak jakitera eman duenez, hildakoa aramaioarra zen jaiotzez, baina gaur egun Arrasaten (Gipuzkoa) bizi zen.