Hil honetatik aurrera Gorbeialdeko Kuadrillak eskualde mailako ingurumen gaiak jorratuko dituen buletin berria izango du. Erakundeak ohar batean adierazi duenez, "ingurumen kontzientzia sustatzeko urrats esanguratsua" eman nahi dute komunikazio tresna berriarekin.
Hilean behin kaleratuko dute, otsail honetan hasita. Besteak beste, klima aldaketaren eta ingurumenaren arloko gaiei buruzko informazioa herritarrei helarazteko modua izango da. "Buletinak gai sorta zabala jorratuko du, baliabide naturalen kudeaketa iraunkorretik hasi eta ingurumenarekiko praktika lagunkoiak sustatzeraino", azaldu dute.
Otsailari dagokion lehen zenbakian, besteak beste, aurreratu dute hilaren 21ean klima eta energiaren planaren aurkezpena egingo dutela Zuiako udaletxean, Murgian, eta hurrengo egunean toki berdinean etxeko konpostajea egiteko formakuntza saioak emango dituztela.
2024rako aurreikuspenen artean, buletinean ezagutarazi dute Duran ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntua paratuko dutela, eta Aramaioko Maider Unda kiroldegian, Legutioko Garazi ikastolan, Izarrako udal biltegian eta Murgiako Virgen de Oro ikastetxean instalazio fotovoltaikoak jarriko dituztela.
Argitalpena PDF formatuan eskuratu daiteke lotura honetan.