Urkabustaizko Uren Ermandadea izendatu dute Zaroko urtegiaren erakunde kudeatzailea. Hala adostu dute URAk, Arabako Foru Aldundiak, Zuiako eta Urkabustaizko alkateek eta Gorbeialdeko Kuadrillak, urtegia egiteko urrats berriak emateko egindako azken batzarrean. Modu horretan, urrats garrantzitsua egin dute Urkabustaiz eta Zuia udalerrietako bizilagunak edateko urez hornitzeko ezinbestekoa den azpiegitura eraikitzeko; eta, bide batez, Baia ibaiaren emari ekologikoa hobetuko da.
Zuiako udalerriko Markina herriko lurzoruetan eraikiko du presa, eta proiektuak, oro har, 35 milioi euroko kostua izango du. Presarekin batera, edateko uren araztegi berri bat egitea aurreikusi dute, eta hiri-horniduraren bermea lortzea ahalbidetuko duten ur hartuneak eta hodiak berritzea. Zaroko urtegi horri esker, ibaietatik eta iturburuetatik kendutako uraren erabileraren eraginkortasuna hobetuko da; eta bide batez, ur eskaintza handituko eta indartuko da. Gainera, sistema berriak agorraldietan Baia ibaiari egiten zaion presio handia arintzea ahalbidetuko du, Baia ibaiaren egoera ekologiko hobea ahalbidetzeko. Alegia, proiektuaren bigarren helburu nagusia.
Aldundiak konpromisoa hartu du urtegia eraikitzeko beharrezkoak diren lurzoruak kudeatu eta antolatzeko; URAk lanak finantzatuko ditu; eta Urkabustaizko Uren Ermandadea izango da baliabide hidrikoen kudeatzaile. Ildo horretan, hiru administrazioen konpromisoak hitzarmen batean jasotzea adostu dute; era bateratu eta koordinatuan lan egiteko.