AP-1 errepidea moztu dute Legution, istripu larri baten ondorioz

Erredakzioa 2024ko urt. 24a, 18:00

Iraulitako kamioia AP-1 errepidearen erdian, Legution. Argazkia: @BomberosAraba

Kamioi bat irauli da Legution, AP-1 errepidean, eta gasolio ihesa eragin du. Autobidea itxi behar izan dute Burgosko noranzkoan, baina dagoeneko guztiz irekita dago errepidea.

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zerbitzuak 11:22an jakitera eman duenez, asteazken honetan trafiko istripu larri bat gertatu da Legution, AP-1 errepidearen 111. kilometroan, Gasteiz-Burgos noranzkoan. Bi kamioiren arteko talka gertatu da, eta horietako bat, zisterna-kamioi bat, irauli egin da, eta gasolio ihesa eragin du.

Istripuaren ondorioz, autobidea bi noranzkoetan moztu behar izan dute hasiera batean. 11:54ak aldera, berriz, zirkulazioa normaltasunera itzuli da Eibarrerako noranzkoan; istripuaren bidean (Burgosko noranzkoan), berriz, errepidea itxita izan da arratsaldera arte, auto-pilaketak sortu dira eta trafikoa Eskoriatzatik desbideratu dute. 17:30ak aldera, Trafiko Zerbitzuak jakinarazi du errepidea guztiz irekita dagoela dagoeneko.

Segurtasun Sailak zauritutako pertsona bat baieztatu du; Txagorritxu ospitalera eraman behar izan dute anbulantzian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago