Euskal mitologiaren klasikoen artean, lamiak dira pertsonaia ezagunetakoak, eta horiek Araban batez ere Altube inguruan hartzen dute aterpe. Itsas lamiekin bezala, horietaz maitemintzea izan ohi da arazorik handiena: bi munduen ateak gurutzatu daitezke, baina, hori egiten baldin bada, erabakia betirako izan daiteke. Goiuriren kasuan, bestelako grina bat da protagonista: gutizia. Istorioak dioenez, inguruan lamia bat bizi zen, orduak ematen zituena ispilu miresgarri baten aurrean urrezko orratz batekin ilea atontzen. Ispiluak edozein desio eskatzeko aukera ematen zuen. Bada, deskuidu batean, artzain batek ispilua lapurtu zion. Lapurra aurkitu zuenean, lamiak bueltatzeko eskatu zion, horren truke Marik lamia bati egin diezaiokeen oparirik preziatuena egingo ziola aurreratuz. Urre andana imajinatu zuen artzainak, noski, artzaintzak inoiz ez duelako eman aberasteko moduko mozkinik. Une horretan lamiak izena ere galdetu zion artzainari. Kontakizunaren punturik ahulenean, Pedro, Jexusmari edo Zeferino beharrean, artzainak Urjauzi izena zuela erantzun omen zion. Esan orduko, artzaina ur-jauzi bilakatu zen, eta lamiak ispilua berreskuratu zuen. Istorioak ez du argitzen zer gertatu zen ardiekin, baina gaur egun ardiz gainezka dago bertako inguru miresgarria.