Markina, Altube edo Aramaion entzun izan da istorioa, baina, bertsio desberdinetan, Europako puntu askotan zabalduta dauden antzeko kontakizunak ere badira. Gurean, zenbaitetan Martin Abade izena eman zaio protagonistari. Izatez, bihotz onekoa zen apaiza, baina gehiegizko grina zuen batere zerutarra ez den jarduera batengatik: izugarri gustatzen zitzaion ehizan ibiltzea. Baina jarduera horrekiko horrenbesteko obsesioa zuen, ezen deabruak berak tentaldia egin baitzion. Hala, egun batean meza ematen ari zela, otoitzen gainetik nagusitu zitzaizkion bere txakurren zaunkak. Harrapakin baten arrastoa sudurretan zuten adierazle argiak ziren txakurren aiuri horiek. Bada, sakratuenari muzin egin eta ziztu bizian utzi zituen alde batera meza liburua eta apaiz jantzia, txakurren eta eskopetaren bila joateko. Asaldatuta, fededunak apaizaren atzetik atera ziren, baina ezin izan zuten aurkitu. Ordudanik, inork ez zuen berriro apaiza aurkitu, ez bizirik, baina ezta hilda ere. Gaurdaino iritsi dira bekatu horren oihartzunak, neguko su baten inguruan senideak eta lagunak biltzen diren une magiko horietan kontatzen denari jarraiki. Diotenez, gaua iritsi orduko, basoa iluntasunean murgiltzen denean, oraindik ere entzun daitezke Martin Abadearen txakurren zaunkak urruntasunean.