Igande honetan, 07:45ak aldera, SOS Deiak 112 larrialdi zerbitzuak emakume baten deia jaso du, zirkulazio istripu baten ostean laguntza eskatzeko. Izan ere, ibilgailu bat errepidetik irten da bihurgune batean, Zuia parean, eta Altube ibaira erori da.
Suhiltzaileak, anbulantziak, osasun langileak eta Ertzaintza bertaratu dira. Uretan zegoen ibilgailuaren gainean emakume gazte bat zegoen laguntza eskatzen; beste gazte bat, berriz, ur ertzera iritsi da igerian. Lurretik ibilgailura iristea zaila zenez, Ertzaintzaren helikopteroak esku hartu behar izan du, neska gaztea erreskatatu eta eremu seguru batera eramateko.
Behin salbu, 18 eta 19 urteko bi pertsonak tokian bertan artatu dituzte, eta, ondoren, ospitalera eraman dituzte. Larrialdi Zerbitzuek erreskate lanak egin dituzten bitartean, A-2522 errepidea itxita egon da Zuia parean, 10:00ak baino pixka bat lehenagora arte.
Argazkia: Ertzaintza