Inoizko aurrekonturik handiena izango du Urkabustaizek

Erredakzioa 2023ko abe. 27a, 06:00

Izarra, Urkabustaiz udalerriko herriburua. Argazkia: Wikipedia (Aorivear)

Ia bi milioi euroko aurrekontuarekin, udal ekipamenduak berritu, gizarte zerbitzuak sendotu eta enplegua sortzeko helburua izango du Urkabustaizko Udalak 2024. urtean.

Abenduaren 20an onartu zuen Urkabustaizko udalbatzak "bere historiako udal aurrekontu handiena", EH Bilduko udal gobernuko zinegotzien gehiengoaren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Zehazki, 1.985.853,71 euroko proiektu ekonomikoa garatuko du udalak 2024an. Gainera, bilkura berean, Urkabustaizko Musika Eskolaren (UME) aurrekontua onartu zuten ere, 153.291 eurokoa.

Xabier Alvarez de Arkaia (EH Bildu) alkateak azaldu ditu dokumentuaren ildo nagusiak, arloz arlo. "Aurreko urteetako ildo nagusiak jarraitu ditugu, gizarte zerbitzuak sendotzeko ahaleginari eutsiz, enplegua sortzeko lanean eta udal ekipamenduak berrituz", nabarmendu du.

1.400 biztanle inguru dituen Gorbeialdeko udalerri honen aurrekontuan, Izarra Herri Eskolako jolasgunea patio inklusibo bilakatzen jarraitzeko partidak daude, besteak beste; bai eta udal eraikinetan autokontsumoa bermatzeko Landaberde biltegian egokitu beharreko eguzki plaka gehiagoren instalaziorako adostutakoak ere.

Ingurumenarekin zein uraren kudeaketa eta kontsumoaren harira antolatutako Asteklima klima eta energia astearekin loturako partidak ere handitu dituzte. Horrez gain, tokiko ekoizle eta merkataritza babestu eta bertako kontsumoa sustatzeko partidari eutsi dio udalak. Halaber, kulturarekin, euskararen sustapenarekin eta berdintasunarekin lotutako partidak indartu egin dituzte.

Azaldu dutenez, aurrekontua handituz joango da udal gobernuak eskatutako behin betiko ebazpenekin eta beste administrazio batzuen plan eta programekin. "Zuhurtasun irizpidea aplikatuta, kopuru horiek ez dira udal aurrekontuan sartuko behin betiko aldeko ebazpenak izan arren", argitu du alkateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago