Maiatzean, EH Bilduk eta EAJk launa zinegotzi lortu zituzten Zigoitian, udal hauteskundeetan. Boto gutxi batzuengatik EH Bildu izan zen alderdirik bozkatuena, baina ekainean, PPren zinegotzi bakarraren babesari esker, Javier Gorbeña jeltzalea izendatu zuten alkate. Azken sei hilabeteetan gauzak aldatu dira, ordea. Abenduan, 2024ko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa erdietsi zuten EAJk eta EH Bilduk.
Zigoitiko EH Bilduk aurrekontu proiektua babestu du, bere zuzenketa partzialak onartuta. EAJren udal gobernu taldeak, bere aldetik, gazteentzako alokairu sozialeko etxebizitza komunitarioen proiektu bat abian jartzeko partida bat onartu du; eta, horrez gain, mantentze lanetarako beste udal langile bat kontratatzea adostu dute.
EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, abenduaren 11ko informazio batzordean zuzenketak eztabaidatu ondoren iritsi zen jeltzaleen eta subiranisten arteko akordioa. Abenduaren 18an egindako osoko bilkuran, proiektua hartuko duen higiezina erosteko eta birgaitzeko partida sartzea erabaki zuten.
Horrekin batera, lan batzorde bat sortzea erabaki dute, gaur egun Zigoitiko gazteei bereziki eragiten dien etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hainbat irtenbide aztertu, sustatu eta gauzatzeko. Martxoaren amaiera ezarri dute azterketa eta hausnarketa prozesuaren epemuga gisa.
"Martxoaren amaierarako, etxebizitzari buruzko lan batzordean, etxebizitza arazoa benetako behar soziala dela diagnostikatu eta erabakitzen bada, higiezina erosiko da EH Bilduk proposatutako etxebizitza komunitarioaren proiektua garatzeko", azaldu du Edu Lorza EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaileak.
Beste udal langile bat
Azkenik, EH Bilduk partida bat sartzea lortu du bigarren pertsona bat kontratatzeko mantentze langile gisa. Kontratazioa 2024ko ekainetik aurrera egingo da, gaur egun Bengolarreko berdegunearen mantentzea egiten duen enpresaren kontratua amaitzen den egunetik aurrera. Plaza hori udalerriko lanpostuen zerrendan sartuko da, eta aurrerago egingo da lan eskaintza publikoa.