Blanca Antepara alkate jeltzalearen 2024ko kontuak babestu dituzte EH Bilduk eta Goazen plataformak, Arratzua-Ubarrundiako azken udalbatzarrean. Udal hauteskundeetan hiruna zinegotzi lortu zituen alderdi bakoitzak, kontzentrazio gobernua osatuz, eta orain ados jarri dira legegintzaldiko lehenengo aurrekontuak onartzeko.
"Gure udalerria bezalako kontzentrazio gobernu batean, hiru indar ordezkatuta ditugunean, eztabaida eta akordioa funtsezkoa eta beharrezkoa da", aldarrikatu du EH Bilduren Arratzua-Ubarrundiako bozeramaile Txetxu Zengotitabengoa. "Hori dela eta, baiezko botoa eman diegu aurrekontuei, ulertzen dugulako exekutatu egingo direla eta ekitaldi honetarako sartu ezin izan direnak 2025koan kokatuko direla".
Behin betiko proiektu ekonomikoan, EH Bilduk parte-hartze prozesu baten bidez jasotako 23 proposamen txertatu dituzte. Nagusiki, kontzejuekiko harremanen, euskararen, berdintasunaren eta trantsizio energetikoaren arloei buruzko proposamenak dira.
Guztira, 16.800 euro bideratuko dituzte Berdintasun Sailak antolatutako jardueretara, beste 8.400 euro euskara sustatzeko jardueretara, eta beste 7.000 euro Sologanan egin beharreko hobekuntzak finantzatzeko. Horrez gain, datorren urtean, udaren amaieran, adinekoen eguna ospatzen den egunarekin batera, lehen aldiz ospatuko dute Kontzejuen Eguna, EH Bilduk proposatuta, "udalerria osatzen duten herrien arteko kohesioa sustatzeko".
Oposizioko taldeen beste proposamen batzuk 2025eko aurrekonturako geratuko dira: besteak beste, 10.000 euro komunitate energetikoak martxan jartzeko, eta beste 20.000 euro Zurbaoko "posta bidea" konpontzeko. Era berean, EH Bilduk zerbitzu anitzetako langile plaza bat sortzea proposatu du.