Aramaioko Udalak Itsaraz parke eolikoaren proiektuak "aurrera egitearen gaineko desadostasuna" adierazteko sinadura bilketa abiatu du herritarren artean.
Joan den asteazkeneko plenoan Aramaioko Udalbatzak parke eolikoari buruzko mozioa onartu zuen, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren zinegotzien abstentzioarekin. Mozio horretan adierazten da udalbatza osatzen duten kideek "kezka" agertzen dutela parke eolikoak "herrian izango duen eraginaz", eta, ondorioz, proiektua "geldi dezatela" eskatzen dute.
"Itsaraz parkearen proiektuaren prozesuan egon diren argi ilunek mesfidantza eragin dute herritarron artean, eta zer esanik ez, tankera honetako makroproiektuek gure ingurunean duten inpaktuen gainean kezka handia dago Aramaion", dio agiriak.
Herritarren iritzia jasotzeko Aztikerrek gidatutako kontsulta prozesuaren ondoren, udal gobernuak alegazioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan.
Horietan, aipatu dituzte "atzera bueltarik ez duten ingurumen kalteak", Aramaioko herritarren "osasunean eragina", kokapenari buruzko kezkak, udal hirigintzarekiko "bateraezintasunak" eta "paisaiaren suntsipena", besteak beste.
"Udal mozio honen bidez proiektuak Udalbatzari eragiten digun kezka eta desadostasuna argitan jarri nahi dugu, eta proiektuaren garapenean arduradun direnei eskatzen diegu geldi dezatela Itsaraz parkearen egikaritza", adierazi dute agirian.