Aitor Montesi babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute

Erredakzioa 2023ko aza. 28a, 11:35

Aitor Montes, Aramaioko medikua. ALEA

Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko protokoloak kontzentrazioa deitu du abenduaren 1ean, Arrasateko ospitale aurrealdean.

Aitor Montes Aramaioko medikuak duela egun batzuk jasandako jazarpena salatu du Arrasateko Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Protokoloak. Montesek zerbitzua euskaraz emateko daukan eskubidea aldarrikatu dute protokoloko kideek, eta babes osoa helarazi diote eskubide horren defentsan urte luzez aurrera eramaten ari den borrokagatik "eta jasaten ari den jazarpen egoera onartezinengatik".

Debagoieneko ESIko zuzendaritzari gogoratu diote erakunde publikoen betebeharra dela "euren zerbitzuak euskaraz eman eta jasotzeko eskubidea bermatzea". Ildo horretan eskatu diote Montesek, zein zerbitzu publikoetako beste edozein langilek, lana euskaraz egiteko daukan eskubidea babesteko, eta publikoki salatu ditzala euskaraz aritzeagatik jasaten dituen erasoak.

Bitartean, Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Protokoloak abenduaren 1ean, 13:00etan, Aramaioko medikuari elkartasuna eta babesa adierazteko elkarretaratzea deitu du, Arrasateko ospitale aurrealdean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago