16 eta 30 urte arteko bost gazterentzako lanpostua eskaini du Urkabustaizko Udalak, erakundeak ohar batean ezagutarazi duenez. Lanaldi osoz izango dira lanpostuak, honako betebeharrak asetzeko: zerbitzu anitzetako langile bat, administrari laguntzaile bat, ingurumen hezitzaile bat, kultura eta gizarte zerbitzuetako teknikari bat eta administrazio orokorreko teknikari bat.
Xabi Alvarez de Arcaya Urkabustaizko alkatearen esanetan, beste zenbait erakunderekin batera, "udalerrian lan egiteko eta bizitzeko baldintzak sortu" nahi dituzte, "landa eremua bizitza proiektu bat eraikitzeko erakargarria izan dadin".
EGF-Plus programaren bidez egingo dituzte kontratazioak. Hautagaiek Lanbiden alta emanda egon behar dute. Aurreratu dutenez, litekeena da urtea amaitu aurretik enplegu deialdi berriak egitea. Informazio gehiago nahi dutenek 945437080 telefonora edo info@urkabustaiz.eus posta elektronikora jo dezakete.