Helduen artean euskararen erabilera bultzatzeko jarduerak egingo dituzte Gorbeialdean

Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 17:30

Helduen euskalduntzea bultzatzeko egitasmoa da. Argazkia: TOPAGUNEA

Euskaltzaleen Topaguneak abian jarritako 'Haurren aurrean helduok heldu' kanpainarekin bat egin du Gorbeialdeko Kuadrillak, asteburu honetan hasiko den jarduera programa zabal batekin.

Urriaren 19tik 29ra bitartean, hamar egunez, guraso eta zaintzaileei baliabideak eman eta ekintzak proposatuko dizkie Euskaltzaleen Topaguneak, "euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko" asmoz martxan jarri berri duen Haurren aurrean helduok heldu kanpainarekin.

"Umeekin egoten diren helduen hizkuntza portaerak funtsezkoak dira, hain zuzen ere, umeen etorkizuneko hizkuntza portaerak finkatzerakoan. Garbi esanda: oinarri-oinarrizkoa da gurasoek, zaintzaileek, aiton-amonek... umeen aurrean, ahal den neurrian, elkarrekin euskaraz egitea, eta umeei ere euskaraz egitea; beraiek baitira umeen erreferente nagusiak, baita hizkuntza kontuetan ere", aldarrikatu du Topaguneak.

"Beraz, guraso eta helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea da helburua, eta baita helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea ere", gaineratu dute.

Larunbat honetan hasita, urriaren 21etik 29ra, zortzi jarduera antolatu dituzte Gorbeialdeko hainbat udalerritan: familientzako dantza plaza Legution, gurasolagunen irteera eta magia tailerra Aramaion, kalekantoi tailerra Urkabustaizen eta Legution, jolas molaz tailerra Zigoitian, familientzako orienting proba Zuian, eta jolas kooperatiboak Arratzua-Ubarrundian.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago