Zigoitia Euskarazen erromeria Bengolarran izango da, ekaitz arriskua dela eta

Erredakzioa 2023ko ira. 7a, 19:00

Iaz, Muruko harrobietan egin zituzten herri bazkaria eta erromeria. Argazkia: Zigoitia Euskaraz

Igandean, irailaren 10ean, Muruko harrobietan egitekoak ziren bazkaria eta kontzertuak Bengolarra frontoian izango dira, euritik babesteko. Mairuelegorretako Euskal Jaia eta gainerako jarduerak bere horretan mantenduko dira.

Urtero bezala, ikasturte berriarekin batera, Zigoitia Euskaraz ekimenak ospakizunen egutegia astintzen ari da iraileko lehen bi asteburuetan. Denetariko jarduerak antolatu dituzte euskaraz gozatzeko: kirol jarduerak, dantzaldiak, bertso-saioa, emanaldiak, Mairuelegorretako Euskal Jaia...

Egun handia irailaren 10a izango da, goizetik gauera arteko egitarauarekin. Hala ere, asteburu honetan ekaitz arriskua dago, eta jaialdiaren antolatzaileek hainbat aldaketa iragarri dituzte: igandeko bazkaria eta arratsaldeko kontzertuak Bengolarra frontoian izango dira, Ondategin, hasiera batean, iaz bezala, Muruko harrobietan egitekoak ziren arren.

Gainerako jardueretan ez da aldaketarik izango: goizean, Euskal Jaia egingo dute Mairuelegorretako haitzuloan eta gainerako jarduerak bere horretan mantenduko dira.

Ondorengo herri bazkaria 14:30etan izango da. Paella (okeladuna edo begetarianoa), edaria, postrea eta kafea hartzeko aukera izango da. Nagusiek 16 euro oraindu beharko dituzte, eta umeek, berriz, 10 euro. Txartela aldez aurretik hartu beharko da, Zigoitiko kultur etxean. Bazkalostean, Larrain Dantza, Xubton Stilt taldearen kontzertua eta Joxe Mendizabalekin erromeria izango dira.

Bi asteburuko egitaraua

Iazko formatuarekin jarraituta, aurtengo Zigoitia Euskaraz bizikleta martxarekin hasi zen irailaren 2an. Ondoren, DJ Kaktusen bisita jaso zuten, eta Lantzean Behin taldearekin dantzan egiteko aukera ere egon zen. Irailaren 3an, Eriben, Zigoitiko toponimiaren inguruko bisita gidatua izan zuten, Abadelauetakoen eskutik, eta, ondoren, Mairu abesbatzakoen emanaldia elizan.

Horrez gain, egun handiaren aurretik, irailaren 8an Sergio Azkarateren Amaiur filmaren aurrerapena eta solasaldia izango dituzte, Ondategiko zentro soziokulturaleko aretoan.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago