Urtero bezala, irailarekin batera iristear dira Legutioko Kofradiak, Gorbeialdeko udalerri honetako jaiak. Ospakizunak lau egunez luzatuko dira, irailaren 8tik 11ra, hau da, ostiraletik astelehenera bitartean.
Ostiralean, 19:30ean jaurtiko dute txupina, eta ondoren, danborrada, buruhandiak, Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia eta pilota partidak izango dira.
Larunbatean, berriz, egun osoko egitaraua izango da, eta gauean, 23:30etik aurrera, Huntza eta Mugi Panderoaren kontzertuek borobilduko dute. Aurretik, 11:00etatik aurrera: ur jolasak Zabalainen, txaranga, Legutio Kantari, herri bazkaria, trikitilariak, mus eta briska txapelketak, buruhandiak, batukada eta gazte afaria.
Igandean, rave batean jarraitzen ez dutenek askotariko aukerak izango dituzte 11:00etatik aurrera eguna aprobetxatzeko: kalejira txistulariekin, azoka eta talo tailerra, herri kirolak, triki-poteoa, Garbijaia haur ikuskizuna, mozorro lehiaketa eta, gauean, Jaikide diskofesta.
Astelehenean festak ez du etenik izango, eta 11:00etatik iluntzera arte aukera ugari izango dira: txistulariekin kalejira, haur parkea, bolo txapelketa, mariatxiak, dantza plaza, tortilla txapelketa, karaokea, sari banaketa eta txokolatada. Azkenik, herriko jaiak agurtzeko, jaien amaierako traka izango da.
EGITARAUA