Ekologia eta zinea urtegiaren ertzean

Erredakzioa 2023ko abu. 31a, 18:00

Proiekzioak San Andres elizan izango dira. Argazkia: ullibarriganboa.blogspot.com

Irailaren 9an, larunbatean, Uribarri Ganboak Ekologia Zinearen I. Erakusketako lan finalisten proiekzioa eta sari banaketa eskainiko du. Gainera, ostiralean Korterraza Araba jaialdiaren azken proiekzioa izango da herriko plazan.

Hitzordua San Andres herriko elizan izango da, zinema erakustaldirako behar bezala prestatua. 20:30etik aurrera, Ekologia Zinearen I. Erakusketaren finalera iritsi diren filmak eskainiko dituzte bertan.

Guztira, lau sari banatuko dituzte: lehenik, Uribarri Ganboako Udalak film laburrik onena hautatu eta garaikurrarekin eta 300 euroko zuzkidurarekin sarituko du; bestalde, telefonoz grabatutako film laburrik onenarentzako saria garaikurra eta 150 euroko zuzkidura izango da; hirugarrenik, euskara hoberen erabili duen filmak Urrezko Zeledonen Saria jasoko du; eta, azkenik, publikoaren sari berezia ere banatuko dute.

Honako hauek dira finalistak, hau da, irailaren 9an urtegiaren parean ikusi ahal izango diren filmak: The weeds (Ciro Izurrategi), Habanera alavesa (Jesus Mari Alegria Pinttu - JMVM), La fuerza del agua (Ramon Aguirrezabal) eta Buscando bajo el agua (Hector Santidrian eta Iraia Barrio).

Hasikin gisa, 1988 eta 1989 urteen bitartean urtegian izandako lehorteari buruz Eloy Gonzalez Gavilanek egindako dokumentala proiektatuko da.   Halaber, estreinako aldiz, Delfin Ruiz de Azua Uribarri Ganboako pertsonaia karismatikoarekin 2012an filmatutako El hoyo de los corrales film laburra aurkeztuko dute; Delfin 2000. urteko abuztuan hil zen, 103 urterekin.

Horrez gain, ostiralean, irailaren 8an, Korterraza Araba jaialdi ibiltariaren azken saioa izango da Uribarri Ganboako herriko plazan (euria egiten badu, zentro sozialean), 20:45etik aurrera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago