Badatoz Aramaioko San Martin jaiak

Erredakzioa 2023ko eka. 28a, 17:00

Mozorro afaria 2022ko Aramaioko Sanmartinak agurtzeko. Argazkia: GOIENA

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean, San Martin jaiak ospatuko dituzte Aramaion. Zopilotes Txirriaos, MCD, Eire, Etxepe eta Mutiko, Tatta & Densoren kontzertuez gain, dozenaka jarduera izango dira, baita mozorro afaria ere, astelehenean.

Aramaioarrak ere asteburu honetan herriko jaiak ospatzeko prest daude, eta lau eguneko egitarau oparoa prestatu dute, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, 2an eta 3an. Igandean hainbat aldaketa egin behar izan dituzte, Frantziako Tourra Aramaiotik igaroko delako. Udalak ohartarazi du 10:30etik 15:00etara bitartean kirol ekitaldiak "eragin handia" izango duela.

Sanmartinak berotzen joateko, ekainaren 29an, ostegunean, Rock Eskolaren emanaldia izango da Kultur Etxean, 18:00etan. Ostiralean, ekainaren 30ean, berriz, festa erabat lehertuko da: 19:00etatik aurrera, Anbotoko Mariren etorreraren, txupinazoaren eta pregoiaren ostean, eta txosnen irekieraren aurretik, kalejirak, buruhandi eta erraldoiak eta pilota txapelketa izango dira. Iluntzean, dantzaldia DJ Kaktusen eskutik, eta, 00:00etatik aurrera, Zopilotes Txirriaos eta MCD taldeen kontzertuak.

Larunbatean, uztailaren 1ean, egun osoko egitaraua eskainiko dute: patin hockey partidak, umeentzako jolasak, txapelketak... Iluntzean, berriz, kontzertuak: JM dantzaldia eta erromeria, eta, ondoren, Eire, Etxepe eta Mutiko, Tatta & Denso taldeak. Ordu txikitan, Gazte Asanbladak antolatutako jolasak izango dira txosnagunean.

Uztailaren 2an, igandean, ez dira jarduerak faltako, 11:00etatik aurrera: diana herriko txistulariekin, umeentzako puzgarriak, street boulder txapelketa, herriko ume jaioberrien harrera, dantza erakustaldia, Eusko Label parrillada, dantza plaza, Julen Axperen Furgonologoa, Berba Pasie eta Korto Lehiaketa.

Jaiak borobiltzeko, astelehenean, hilaren 3an, ohiko mozorro afari herrikoia egingo dute 21:30ean. Baina egunean zehar beste jarduera asko izango dira: Bapatean Zirku taldearen Adabaki ikuskizuna, kantujira, kuadrillen arteko pikea, Orkresta Elektrotxaranga... Gauean, afalostean, elektrotxarangaren animazioak jarraituko du, baita, 01:00etatik aurrera, DJ Gaubelaren musikak ere.

ALEAn zure herri edo auzoko jaien berri eman nahi duzu? Bidali informazioa eta egitaraua erredakzioa@alea.eus eta agenda@alea.eus helbide elektronikoetara edo Whatsappetik 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TXOSNEN EGITARAUA
(behin betiko ordutegiak)

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago