Legutioko Triatloiaren bigarren edizioa uztailaren 8an izango da

Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 19:00

Dida Kirol Taldeak antolatzen du Trilegutio lasterketa. Argazkia: Vital Fundazioa

Ibilbide "erakargarriagoa" izango du aurten Legutioko Triatloiak: Zabalain Parketik abiatuko da, Otxandiotik eta Oletatik ere igaroko da, eta igeriketa proba Urrunagako urtegian izango da.

Trilegutio Legutioko Triatloiaren bigarren edizioa uztailaren 8an, larunbatean, izango da. 300 lasterkari lehiatuko dira, eta izen-ematea zabalik dago uztailaren 3ra arte. Gizonezkoen proba 15:00etan hasiko da, eta emakumezkoena hamar minutu geroago. Bai gizonezkoak bai emakumezkoak oinez, igerian eta bizikletaz igaroko dira Legutio, Otxandio eta Oletatik (Aramaio), eta bi kategoriek distantzia olinpikoko Triatloiaren Arabako Txapelketarako balioko dute.

Federatutako atletentzako triatloi lasterketaren ibilbidean hainbat aldaketa egingo dituzte aurten antolatzaileek, Dida Kirol Taldeak eta Vital Fundazioak, "erakargarriagoa" izan dadin. Lehen edizioa iaz antolatu zuten, Legutioko Udalaren laguntzarekin.

Dida Kirol Taldea duela bost urte sortu zen, triatloian espezializatutako eta adin guztietara egokitutako kirol entrenamendu talde bat sortzeko helburuz. Gaur egun, Arabako eta Euskal Herriko triatloi klub ugariena da, eta emakumezkoen kirolaren berdintasunaren alde lan egiten du. Trilegutio proba antolatuz, Gorbeialdean kirol hori sustatu nahi dute, eta, aldi berean, kuadrilla horretako giroa eta ekonomia dinamizatu.

Ibilbide berria

Edizio honetan, irteera Zabalain Parkean izango da. Igeriketa proba izango da lehenengoa, Urrunagako urtegian, eta 1.500 metrokoa izango da, itzuli bakarrean. Parte-hartzaileek N-240 errepidea zeharkatu beharko dute azpian dagoen tuneletik, herrira zuzenean doan irteeran amaitzeko.   Uretatik ateratzen direnetik udaletxearen ondoko La Union plazan egongo diren boxetara iristen diren arteko trantsizioa 350 metro ingurukoa da.  

Jarraian, 43 kilometroko bizikleta ibilbidea egingo dute, bi itzulitan, bakoitza 22,5 kilometrokoa, Otxandiorako eta Oletarako errepidetik, Albinako urtegiko paraje ederretan barrena. Bizikleta zirkuitua La Union plazako boxetatik irtengo da, Karmen kaletik (A-2620) igaroko da eta Otxandiorantz joango da (A-623/BI-623 errepidetik). Herri horretara iritsi aurretik, eskuinera egingo du Oletarantz (BI-3941 eta A-3941), eta Legutiora itzuliko da Krutzetako mendatea jaitsiz (A-2620).

Amaitzeko, Legutioko kaleetan zehar hamar kilometroko oinezko lasterketa egingo dute, 3,3 kilometroko hiru itzulitan. Boxen gunea La Union plazan egongo da, baita dortsalen banaketa ere.

Guztira 43 kilometro izango ditu probak, guztira 400 metro inguruko desnibel positibo metatuarekin. Horrez gain, goizean, proba nagusiaren aurretik, swinrun txiki proba bat egingo dute, Vibike Outdoor Eskolako triatloi eskolaren eskutik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago