2023ko Zuia Euskaraz martxan da, asteartetik. Urtero bezala, ekainean zehar —aurten, hilaren 6tik 24ra— ospatuko da Zuiako euskaldun, euskaltzale eta euskarara etorritakoen kultur ekimena, "euskaraz, auzolanean, kulturarekin gozatzeko" helburuz.
Adin, zaletasun eta gustu guztietarako jarduerak izango dira, denak euskaraz; gastronomiatik hasi, kiroletik pasa, eta kultur emanaldietaraino: sokatira Badaiotz taldearekin, ardo eta garagardo dastaketak, azoka, herri kirolak, orientazio jokoa, bertso eskolartekoa, Izarren hartza ikuskizuna, mus txapelketa, diskofesta eta San Juan bezpera.
Ekainaren 24an, larunbatean, Zuia Euskaraz Eguna izango da, eskualdeko euskaltzaleek egutegian gorriz markatutako ospakizuna. 12:00etatik gauera arte, askotariko jarduerak izango dira Murgian: Belarriprest ikuskizuna, Amaia Bonorekin; Euskarara etorritakook, topa! pregoia, kale animazioarekin; herri bazkaria Aiaraldea Ekintza Faktoriako lagunen eskutik, eta, bazkalostean, bertso eta kantu saioa, Xabi Igoa, Peru Abarrategi eta Lander eta Zelaietatarrekin...
Azkenik, egun handia zein hilabete osoko egitaraua behar bezala amaitzeko, bi kontzertu izango dira Bea Murgia plazan, Atrikipunk eta Willis Drummond taldeen eskutik. Jakitera eman dutenez, txosna jarriko dute.
ZUIA EUSKARAZ 2023
ZUIA EUSKARAZ EGUNA 2023