ENERGIA FOTOVOLTAIKOA

Soro batean "baimenik gabe" egindako laginketak salatu ditu UAGAk

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 17:49

Planta fotovoltaiko bat, artxiboko irudi batean. ALEA

Arratzua-Ubarrundian egin dituzte lur mugimenduak, parke fotovoltaiko bat egiteko lanetan. Sindikatuak "jabetza pribatua errespetatzeko" eskatu die enpresei.

Arratzua-Ubarrundiako SOLAR 1 izeneko parke fotovoltaikoaren eraikuntzan lanean ari den enpresa batek inguruko soro batean "inolako baimenik gabe" laginketak egin dituela salatu du UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak. 

Ohar batean adierazitakoaren arabera, asteazkenean enpresak nekazaritza soro batean lurra mugitzeari ekin zion, laginketak egiteko. "Lursaila ereinda dago, eta UAGAn afiliatutako nekazari batek kudeatzen du, errentan", azaldu du lehen sektoreko sindikatuak. Iragarri dutenez, nekazariari ez diote jakinarazi lursail horretan laginketak egingo zituztenik. Sindikatuaren esanetan, "dirudienez, udalak eta lursailaren jabeak ez dute jarduera horren berri".

UAGA sindikatuak "jabetza pribatua errespetatzeko" eskatu die enpresa fotovoltaikoei. "Jabetza pribaturako eskubidea bortxaezina da, eta enpresa handi batek ere ezin du printzipio hori hautsi bere onura propiorako".  

Jaurlaritzari, aldundiari eta udalei "ahalik eta gardentasun handiena" eskatu diete horrelako lanak egiterakoan. Nekazariei gomendatu diete antzeko jardueraren bat ikusiz gero, Ertzaintzan salaketa jartzeko, eta gertakarien froga grafikoak aurkezteko. 

"UAGAk energia enpresen jarduera horiek salatu nahi ditu, baimenik gabe lanak hasten dituztelako, nekazaritzan kalteak eraginez eta arazoak sortuz", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago