"La Diputacion vende Araba. Solaria kanpora" lemapean egin dute ibilaldia, Araba Bizirik taldeak deituta, inguruko herrietako bizilagunek eta talde ekologistek, Arratzua-Ubarrundia udalerrian zehar. Laborantzak "industrializatzearen" aurka agertu dira, baita ingurune naturala kaltetzearen aurka ere. "Enpresa multinazionalek laborantza lurrak eta mendiak kolonizatzeko dituzten planak salatzen ditugu, hala nola Arratzua-Ubarrundiako zentral fotovoltaikoa edo Lautadako beste eremu batzuetan planifikatutakoak. Haien helburu bakarra planeta arpilatzen jarraitzea da, bai maila lokalean bai globalean, beraiek trantsizio energetikoa deritzotenaz baliatuz".
Martxaren ostean irakurritako adierazpenean, instituzioak kritikatzen dituzte. "Erakundeek erabateko industrializazio politikaren alde egiten dute soilik"; eta ildo horretan proposatu dute familia etxalde txikiak eta laborantza lurrak babestea. "Korporazio handien politika handizale, kolonialista eta ustiatzaileen eta egungo erakundeek ematen dieten ezinbesteko babesaren aurka gaude. Alternatibak badaudelako, eta alternatiba horietan dago bizitza duin baterako aukeraren itxaropena".
Vitoria Solar 1 proiektua, Vitoria Solar 2 izeneko beste proiektu batekin batera planifikatuta dago, Solaria enpresak sustatzen du, eta eraikitzeko administrazio izapideak egiten ari dira, ingurumen adierazpenaren eta beste baimen batzuen zain. Vitoria Solar 1 proiektuak Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalerriei eragingo die; bigarrenak, Vitoria Solar 2, Gasteiz, Burgu eta Barrundia udalerriei. Bi parkeek 350 hektareako azalera hartzea aurreikusita dago.