Legutioko Udalak, oroimen historikoa berreskuratzeko helburuarekin, hiru ibilbide seinaleztatu ditu udalerrian: Txabolapea, Joseren Baso eta Albertia. Udalak azaldu duenez, memoriaren ibilbide hauei esker, Espainiako Gerran, gertakizun garrantzitsuen kokagunea izan ziren tokietara hurbiltzeko aukera ematen zaie herritarrei. "Gertaera horien lekuko izan ziren pertsonen oroimenean bizirik irauten badute ere, askotan erabat ezezagunak dira belaunaldi berrientzat", esan dute udaleko iturriek.
Halaber, Espainiako Gerra pairatu behar izan zituzten bizilagunen omenez egin dute memoria berreskuratzeko lan hori: "Gune hauen defentsan parte hartu zutenen omenez; eta gure lurraldean, beraien bizitza zein gehien maite zituzten pertsonena babesteko leku bat bilatu zutenen omenez". Ibilbideak seinaleztatzeko, udalak 30.092,86 euroko inbertsioa egin du, eta Gogora Fundaziotik 5. 649,47 euroko diru laguntza jaso du.
Albertiako Memoria Ibilbidea Legutioko hilerri zaharretik abiatzen da, Espainiako Gerraren aztarnak eta lubakiak gorde dituen mendira igotzeko. 1937ko martxoaren 31n, frankistek Bizkaiaren kontrako eraso nagusia abiatu zutenean, Triangelu Gorria (Albertia, Jarindo eta Maroto gailurrek osatua) matxinatuen jomuga bilakatu zen. 9,6 kilometroko ibilbide zirkularra da.
Joseren baso ibilbidea, berriz, Albinako urtegiaren ondoan dagoen aparkaleku gisa erabiltzen den eremutik abiatzen da. Pagadi ederren artean, errepublikazaleek Arabako frontean eraikitako defentsa egitura nagusienetara hurbiltzeko aukera ematen du. Metrailadorearentzako habia du erdian gotortutako egiturak, eta alboetan bi babesleku, non Zeberioko miliziano baten sinadura bitxia agertzen da. 3,2 kilometroko ibilbidea da.
Legutioko batailan gune estrategikoa izan zen pinudira doa Txabolapea Memoria Ibilbidea. San Blas elizaren ondotik abiatzen da, eta besteak beste, lubakiak, bonba ugarien markak eta gerran hildako bi pertsonen hobiak bisitatu ahalko dira, 2013an eta 2017an atera zituzten lurpetik hobi hauetan zeuden gorpuzkiak. Lau kilometroko ibilbide zirkularra da hau.